Kantauri BHIren egoera linguistikoa aztertu ahal izateko, bere historiari begiratu behar zaio.Pasa den mendeko laurogeiko hamarkadan, Santurtzin beste BHIa sortu zenean, Administrazioak erabaki zuen zentro berrian D eredua ezartzea eta ikastetxe zaharrean A eredua mantentzea.Horrela Santurtziko herriak Axular BHI berria euskararekin identifikatu zuen eta Kantauri BHI zaharra ez.Baina 1996-97 ikasturtean DBHren inplantazioarekin batera Kantaurin BHIn D eredua ezarri zen lehen aldiz.

Geroago etorri zen bi ikastetxeen fusioa, eta bi zentroen bat egiteak ikastetxe bakar berriaren euskalduntzea errazagoa izango zela ematen bazuen ere, ikasleria bi eraikinetan kokatzeko eta banatzeko irizpideak ez ziren era egokian kudeatu eta A ereduko ikasle guztiak( haien artean gutxiengo etnikoak, etorkinak, etabar) Kantauri eraikinean bildu ziren "gheto" irudia emanez.2009an fusioa bertan behera gelditu zen, bi zentroen izaera berreskuratuz.

Ordutik hona D ereduko ikasleriaren hazkundea etengabea izan da, batez ere azken ikasturteetan, D ereduko ikasleen kopuruak A eredukoena hirukoizten baitu, hurrengo ikasturterako A ereduaren jarraipena kolokan utziz.

Garapen horrek izugarrizko eragina izan du ikastetxearen egoera linguistikoan, irakasle gehien-gehienek euskaldunak izan behar dutelako.Irakasle ez euskaldunak desagertzear daude, erretreta hartzen dutenen ordezkoak euskaldunak direlako

Ikastetxeko paisaia linguistikoa guztiz elebiduna da, idatzizko komunikazio guztiak elebidunak dira, sortzen diren dokumentu ofizial guztiak elebietan daude, irakasleen arteko harreman formal eta ez formal gehienak euskaraz garatzen dira. Baina Kantauri BHIren hizkuntza-arazoa ikasleengan datza, euskara gela barruko hizkuntzatzat jotzen baitute, eta ez harreman-bidetzat. Ikasgelatik kanpo euskararik ez dago haientzat, nahiz eta jarduera asko euskaraz egin daitezkeen, beren bizipen guztiak erdaraz dira.(Egunotan argitaratu den V. Mapa Soziolinguistikoak argi adierazten duenez, gurea ez omen da kasu bakarra, baina kezkatzen gaitu). Guraso euskaldunen kopurua oso murritza izateak larriagotzen du arazoa.

Egoerari aurre egiteko aditu guztiak bat datoz euskararen erabilera sentimendu eta afektibitatearekin lotu behar dela esatean. Uste dugu lau urteko plan honen xedeak bide horretatik jo behar duela eta helburua da ikasleek euskaraz egin nahi izatea.