Sare Hezkuntza

MARKO TEORIKOA

236/2015 DEKRETUA, abenduaren 22koa, Oinarrizko Hezkuntzaren curriculuma zehaztu eta Euskal Autonomia Erkidegoan ezartzen duena. (BOPV 2016-01-15)

8. artikulua.– Diziplina barruko oinarrizko konpetentziak.


d) Teknologiarako konpetentzia.

Produktu eta sistema teknologikoak zentzuz garatzea eta erabiltzea, jakintza teknikoak eta beste adar batzuetakoak metodikoki eta eraginkortasunez aplikatuta, egoera interesgarriak ulertzeko eta konpontzeko eta produktu eta zerbitzu berriak eskaintzeko, eta emaitzen berri ematea, hobetzeko edo erabakiak arduraz hartzeko prozesuekin jarraitzeko.



12. artikulua.– Informazio eta Komunikazio Teknologiak txertatzea irakaskuntza- eta ikaskuntza-prozesuetan.

1.– Oinarrizko Hezkuntza amaitzen duten ikasleek konpetentzia digital eta mediatikoa eskuratu behar ditu, alfabetatze edo gaikuntza funtzional osoa bermatzeko.

2.– Alfabetatze multimediatiko hori lortzeko, baliabide digitalak eduki behar dira arlo eta ikasgai guzti-guztietan, modu normalizatuan txertatu ahal izan daitezen irakaskuntza- eta ikaskuntza-prozesuetan.

3.– Konpetentzia hori garatu ahala modu etikoan eta arduratsuan jarduten ikasteko –besteak beste kontuan hartuz pertsonen intimitatea, norberaren irudia eta sexu-joera eta -nortasuna, eta aurre eginez sexismoari eta arrazakeriari–, alderdi horiek ere sartu egin behar dira irakaskuntza- eta ikaskuntza-prozesuen eta -egoeren plangintzan.

4.– Informazio eta Komunikazio Teknologiak irakaskuntza- eta ikaskuntza-prozesuetan behar bezala integratzeko, irakasleen konpetentzia digitala sustatuko da; hau da, ikasgelan baliabide digitalak erabiltzeko prestakuntza eta ikasteko eta hezkuntza-baliabideak elkarrekin erabiltzeko komunitate birtualak sortuko dira.


1.2.1.– HITZEZKO ETA HITZIK GABEKO KOMUNIKAZIORAKO ETA KOMUNIKAZIO DIGITALERAKO KONPETENTZIA.


1.2.1.1.– Konpetentziaren definizioa eta ezaugarriak.

Konpetentziaren definizioa

Hitzezko eta hitzik gabeko komunikazioaren eta komunikazio digitalaren erabilera osagarria egitea, egoera pertsonal, sozial eta akademikoetan egoki eta eraginkortasunez komunikatzeko.

Ezaugarriak

Komunikazioa funtsezkoa da giza garapenaren alderdi indibidual eta sozialean.

Alderdi indibidualean, norberaren jakintza eraldatzeko, jarduteko modua egokitzeko eta adierazteko bitartekoa da komunikazioa. Pertsonen bizitza afektibo eta kognitiboarekin lotura estua duen aldetik, sentimenduak erregulatzen laguntzen du komunikazioak, eta ikaskuntza ororen bitarteko nagusia da, bai bizitzan, bai esparru akademikoan. Komunikazio eraginkorrak egiten jakinez gero, pertsonak gai izan daitezke autonomiaz ikasteko, gainerako pertsonen artean lekua hartzeko, elkarbizitza erregulatzeko eta beste pertsona batzuekin lankidetzan aritzeko.

Komunikazioa funtsezkoa da alderdi sozialean, giza taldeak komunikazioan oinarritutako jardueren inguruan sortzen eta garatzen direlako. Komunikazioa da kultura sortu, sendotu eta zabaltzeko bitartekoa. Beste pertsona batzuekin loturak sortzea da komunikatzen ikastea, kultura, errealitate eta mundu berrietara gerturatzea, eta, haiek ezagutu ahala, aintzat hartzea. Komunikazioak, beraz, gainerako pertsonekiko eta ingurunearekiko harreman eraikitzaileak izatea sustatzen du.

Komunikaziorako konpetentzia, zenbait lengoaia eta hizkuntzatan eraginkortasunez komunikatzeko gaitasuna izatea dakarren aldetik, zehar-konpetentzia giltzarria da, eta arlo guztien partaidetza behar da hura lantzeko. Era berean, zuzenean laguntzen du oinarrizko konpetentzia guztiak, zeharkakoak nahiz espezifikoak, lantzen. Konpetentzia guztiak, zeharkakoak eta espezifikoak, komunikazioaren bidez lantzen dira, baina komunikazioa osoa izateko, eta ez kanal huts bat, ondo pentsatzen, elkarrekin bizitzen, izaten eta egiten jakin behar da, bizitzako esparru eta egoera konkretuetan.

Komunikazioak lotura estua izan du alfabetatze-kontzeptuarekin eta alfabetatzeak, orain gutxi arte, irakurketa eta idazketa menderatzearekin. Gaur egun, ordea, gizarte multimedia batean bizi gara, eta, gizarte horretan, komunikazio modu berri eta oso indartsuak sortu ditu lengoaien integrazioak. Egungo gizartean eraginkortasunez parte hartzeko, modu konpetentean erabili behar dira hitzezko lengoaiaren adierazpide guztiak, ikus-entzunezko lengoaiak eta hitzik gabekoak.

Europako Kontseiluak emandako definizioa aintzat hartuta, komunikaziorako konpetentzia izateko, alfabetatze anitza izan behar da, eta alfabetatze horrek «...bere baitan hartu behar ditu irakurtzeko eta idazteko konpetentziak, askotariko informazio-moldeak –testuak eta irudiak, idazkiak, inprimakiak eta horien bertsio elektronikoak barne– ulertu, erabili eta ikuspegi kritikoz ebaluatzeko».

Konpetentzia hori izatea bizitza osoko etengabeko ikaskuntza-xedea da. Hura egokitasunez lantzeko, ezinbestekoa da ikaskuntza-egoera aberats eta askotarikoak bultzatzea, hau da, komunikazio-truke orotarikoak sustatu behar dira hitzezko eta hitzik gabeko lengoaia guztietan.

1.2.1.2.– Konpetentziaren osagaiak.

Honako hiru osagai hauek ditu konpetentziak: hitzezko komunikazioa, hitzik gabeko komunikazioa eta komunikazio digitala.

1. osagaia.– Hitzezko komunikazioa: hainbat hizkuntzatako askotariko testuak ahoz eta idatziz ulertzea eta jarioz, autonomiaz, sormenez eta eraginkortasunez erabiltzea.

Hizkuntzak erabiltzeko trebetasuna da hitzezko komunikaziorako konpetentzia; hau da, kontzeptuak, pentsamenduak, sentimenduak, gertaerak eta iritziak hitzezko eta idatzizko diskurtsoen bitartez adierazteko eta interpretatzeko trebetasuna, eta hizkuntzaren bidez elkarri eragitekoa, esparru pertsonal, sozial, akademiko eta bestelako esparruen berezko egoera anitzetan.

Hitzezko komunikaziorako oinarrizko zehar-konpetentziak hainbat trebetasun eta jokabide barne hartzen ditu; trebetasun horiek elkarrekin erlazionatzen dira eta elkarri laguntzen diote komunikazio-jardunean, eta oinarrizko zehar-konpetentzien eta curriculum-arloen bidez garatzen dira.

Norberak hitz egiteko, besterekin hitz egiteko eta elkarri entzuteko, hizkuntzako eta hizkuntzatik kanpoko trebetasunak behar dira, gainerako pertsonekin eta ingurunearekin loturak ezartzeko. Komunikazioak dakarren hartu-emanaren berezko arauak testuinguru anitzetan erabiltzea dakar konpetentziak, baita hizkuntza mintzatuaren berezko ezaugarriak identifikatzea ere, komunikazio-egoera bakoitzaren araberako ahozko diskurtso egokiak interpretatzeko eta sortzeko. Konpetentzia horrekin lotutako trebetasunak edo prozedurak baliatu behar dira hainbat diskurtso entzuteko eta ulertzeko, nork bere ideiak ahozko hizkuntzaren bitartez azaltzeko, eta komunikazioaren hartu-emana erregulatzeko.

Irakurri eta idazteko ekintzak egiteko, ezinbestekoa da informazioa bilatzeko, biltzeko, hautatzeko eta prozesatzeko trebetasunak lantzea; trebetasun horiek eskuratu ondoren, gizabanakoa konpetentea izango da askotariko komunikazio-xedeak dituzten hainbat testu mota ulertzeko, balioesteko eta sormenez ekoizteko. Horrez gain, hainbat irakurketa-helburu dituzten testuak irakurtzeko eta ulertzeko trebetasunak ere hartzen ditu barnean, baita askotariko testu motak xede anitzez idaztekoak ere, idazteko prozesuaren fase guztiak kontrolatuta.

Konpetentzia horri dagozkion jarrerak dira entzutea, iritziak elkarrekin trukatzea eta besteren iritziak errespetatzea, baita kulturen arteko komunikazioarekiko jakin-mina izatea ere. Konpetentziaren oinarrizko osagai bat da kulturen eta hizkuntzen aniztasunaren iritzi ona izatea, beste kultura eta herrialde batzuetako pertsonekin komunikatzeko eta harremanetan jartzeko bitartekoak diren aldetik. Konpetentzia honen berezko ezaugarri dira, era berean, irakurketarekiko jarrera ona izatea, ikasteko bidea den aldetik, eta idazketarekiko jarrera ona izatea, gizarte-erregulaziorako eta jakintza transmititzeko tresna den aldetik.

Euskal Autonomia Erkidegoan hitzezko komunikaziorako konpetentziaren erakusle edo adierazgarri zehatza da bi hizkuntza ofizialak, euskara eta gaztelania, egoki erabiltzea komunikazio-egoera ugaritan, hainbat testuingurutan, eta gero eta formaltasun- eta konplexutasun-maila handiagoarekin. Konpetentzia atzerriko hizkuntzetan lantzean, oinarrizko trebetasunak eskuratu behar dira, egunero bizitzako komunikazio-egoera mugatuagoetan erabiltzeko. Horrez gainera, kultura-aniztasuna ezagutzeko eta lantzeko bidea da hitzezko komunikaziorako konpetentzia, eta, horrenbestez, kulturarteko ikuspegia txertatu behar da irakaskuntzan.

2. osagaia.– Hitzik gabeko komunikazioa: hitzik gabeko hainbat kodetako informazioa ulertzea eta jarioz, autonomiaz, sormenez eta eraginkortasunez erabiltzea.

Hitzik gabeko kodeak, hau da, keinuak, dantza, musika, ikonoak, irudiak eta antzeko kodeak erabiltzeko trebetasuna da hitzik gabeko komunikaziorako konpetentzia, eta bere xedea da kontzeptuak, pentsamenduak, sentimenduak, gertaerak eta iritziak adieraztea eta interpretatzea esparru pertsonal, sozial, akademikoko eta gainerako esparruetako berezko egoera ugaritan.

Ahozko hizkuntza da, ezbairik gabe, giza komunikazioaren baliabide funtsezkoa; hala ere, gizarte multimedia batean bizi gara, eta komunikatzeko modu berri eta oso indartsuak sortu ditu lengoaia askotarikoen integrazioak. Gaur egun, bazterketak eragotzi eta gizartean eraginkortasunez parte hartzeko, modu konpetentean erabili behar dira hitzezko lengoaiaren adierazpide guztiak, baina, horrez gainera, ikus-entzunezko lengoaiak eta hitzik gabekoak baliatu behar dira.

Lengoaia horiek guztiak banaka edo harremanean jarrita ulertu eta erabiliz gero, handitu egiten da gizakiaren komunikazio-ahalmena alderdi kognitiboan, sortzailean, afektiboan, estetikoan eta ludikoan.

Hainbat trebetasun eta jarrera izan behar ditu norberak hitzik gabeko komunikaziorako oinarrizko zehar-konpetentzia izateko. Trebetasun eta jarrera horiek harremanetan jartzen dira eta elkarri laguntzen diote komunikazio-ekintzan, eta curriculum-arloetan lantzen dira.

Konpetentzia horretako trebetasunak eta prozedurak erabili behar dira hainbat kodetan adierazitako mezuak ulertzeko, eta haiek erabili behar dira, era berean, norberaren ideiak azaltzeko.

Konpetentzia honen baitako jarrerak dira elkarrizketaren eta komunikazioaren aldeko jarrerak izatea eta kode horien balioespen positiboa egitea, ikasteko baliabide eta jakintza transmititzeko bitartekoak diren aldetik. Konpetentzia honen oinarrizko osagai dira kultura-aniztasunaren balioespen ona egitea eta hitzik gabeko kodeek komunikazio-tresna moduan duten baliagarritasuna balioestea.

Horrez gainera, kultura-aniztasuna ezagutzeko eta lantzeko bidea da hitzik gabeko komunikaziorako konpetentzia, eta, horrenbestez, kulturarteko ikuspegia txertatu behar da irakaskuntzan.

3. osagaia.– Konpetentzia digitala: informazioaren eta komunikazioaren teknologiak modu sortzaile, kritiko, eraginkor eta seguru batez erabiltzea, ikasteko, aisiarako, inklusiorako eta gizartean parte hartzeko.

Honako elementu hauek landu behar dira konpetentzia digitala egoki garatzeko:

● Informazioa: informazioa bilatzeko eta Interneten nabigatzeko estrategia ugari erabiltzeko gai izan behar du norberak, eta jasotako informazioa irazten eta kudeatzen jakin behar da. Horrez gainera, sarean informazioa partekatzeko guneetan nori jarraitu jakin behar da, kritikoa izan behar da aurkitutako informazioarekin, eta informazio horren baliozkotasuna eta sinesgarritasuna egiaztatu behar da.

Artxiboak, edukiak eta informazioa gordetzen eta etiketatzen jakin behar da, zehaztuta izan behar ditu norberak haiek biltegiratzeko estrategiak, eta gordetako informazioa eta edukiak berreskuratzen eta kudeatzen jakin behar da.

● Komunikazioa: linean komunikatzeko tresna sorta zabala erabili behar da (mezu elektronikoak, txatak, SMSak, berehalako mezularitza, blogak, mikroblogak, foroak, wikiak); hau da, norberaren asmoari hobekien erantzuten dioten komunikazio digitaleko moduak eta modalitateak hautatzen jakin behar da. Finean, gai izan behar du norberak jasotako komunikazio motak kudeatzeko eta hartzailearen arabera egokitzeko komunikazioko erak eta modalitateak.

Horrez gainera, teknologia hainbat zerbitzurekin (esaterako, lineako komunitateekin, gobernuarekin, ospitaleekin eta osasun-etxeekin, banketxeekin eta beste askorekin) elkarreragiteko erabil daitekeela jakin behar da, eta sare sozialetan eta lineako komunitateetan nola parte hartzen den jakin behar da, ezagutzak, edukiak eta informazioa partekatzeko. Horiek guztiak egiteko, sareko etiketa-arauak ulertu behar dira, eta arau horiek norberaren testuingurura aplikatzeko gauza izan behar da, nork bere nortasun digitala sor dezan.

Era berean, hainbat tresna digital eta zenbait baliabide maiztasunez eta konfiantzaz erabiltzeko gai izan behar du norberak, beste pertsona batzuekin elkarlanean aritzeko, baliabideak, ezagutzak eta edukiak ekoizten eta eskuragarri jartzen.

● Edukiak sortzea: askotariko formatu, plataforma eta ingurunetan eduki digitalak sortzeko gai izan behar du norberak, eta tresna digitalak erabiltzen jakin behar da produktu multimedia orijinalak sortzeko eta lehendik dauden edukiak uztartu eta eduki berriak sortzeko; eta hori guztia egin behar da jakinda nola aplikatzen diren (zer erabilera eta erreferentzia duten) informazioei eta baliabideei dagozkien lizentziak.

Horrekin batera, programazioaren printzipioak ulertu behar dira eta programa baten oinarrian zer dagoen jakin behar da, programa informatikoetan, aplikazioetan eta gailuen konfigurazioetan aldaketak egiteko.

● Segurtasuna: sareko arriskuak eta mehatxuak ulertu behar dira, eta norberaren gailu digitalak babesten eta segurtasun-estrategiak eguneratzen jakin behar da.

Era berean, pribatutasunarekin lotutako gaiak aintzat hartuta eta datuak nola biltzen eta erabiltzen diren kontuan hartuta, jakin behar da nork bere burua mehatxuen, iruzurren eta jazarpen zibernetikoen aurrean babesten, norberaren datuak ganoraz gordeta eta besteen pribatutasuna errespetatuta.

Era berean, teknologien erabilerak dakartzan osasun-arriskuak ulertu behar dira; alde horretatik, ergonomiaren alderdiak landu behar dira, eta bereziki nabarmendu behar da informazioaren teknologien gehiegizko erabilerak asaldatu egin ditzakeela banakoaren portaera eta bizikidetza, eta mendekotasuna eragin dezakeela. Horrez gain, teknologiaren erabilerak ingurumenarekiko dituen alderdi onuragarriak eta kaltegarriak azpimarratu behar dira.

● Arazoak konpontzea: gerta daitezkeen arazo tekniko errazak hautematea eta horiek konpontzeko gauza izatea dakar dimentsio honek.

Era berean, gai izan behar da beharrizan teknologikoak aztertu, ezarritako helburuari dagokion tresna egokia aukeratu eta atazak ebazteko, eta hori guztia balizko irtenbideak eta tresna digitalak modu kritikoan ebaluatuta egin behar da.

Teknologia digitalak erabiltzeko gauza izan behar du norberak, produktu berritzaile-sortzaileak egiteko eta arazo kontzeptualak konpontzeko, bai banaka, bai lankidetzan.

Azkenik, konpetentzia digitala hobetzeko eta eguneratzeko zer premia dituen jakin behar du norberak, bizi-esparruen erronka berriei aurre egite aldera.


3. METODOLOGIA


3.4. Irakatsi eta ikasteko prozesuetan IKTak txertatzeko orientabideak

Konpetentzia digitala

Informazioaren eta Jakintzaren Gizartea agertu izana da egungo gizartean gertatzen ari diren eraldaketa nagusietako bat. Jakintza bihurtu da merkantziarik baliotsuena, eta hezkuntza da hura eskuratzeko eta ekoizteko bidea. Jakintzan oinarritutako ekonomia lehen mailako helburu bihurtu da, eta Informazio eta Komunikazio Teknologiak (IKT) jakintza hori sustatzeko tresna indartsuak dira. Dena dela, Oinarrizko Hezkuntzaren erronka –oinarrizko konpetentzien araberako hezkuntzaren ikuspuntutik– ez da soilik ikaslea Informazioaren eta Jakintzaren Gizarterako prestatzea, eta bere barne hartzen du jakintza horiek eta prozedurazko eta jarrerazko beste baliabide batzuk erabiltzea, eskaera konplexuei erantzuteko. Horregatik, IKTak erabiltzeko gure orientabideak konpetentzien araberako eta oinarrizko konpetentziak lortzeko hezkuntzaren ikuspuntuan sartzen dira.


Ikuspuntu horren arabera, oinarrizko hezkuntza amaitzen duen ikasleak konpetentzia digitala eta mediatikoa eduki behar du, hau da, egungo herritarrek eskatzen duten alfabetizazio edo trebakuntza funtzional osoa. Hori ez da ebaluatzen baliabide horiek zenbat eta zenbateko maiztasunez erabiltzen diren neurtuta, baizik eta bizitzaren eremu eta egoeretan egoki, ganoraz eta arduraz aplikatzen diren ikusita. Hori agerian geratzen da bai zeregin bat diseinatzean eta planifikatzean –informazioa biltzea, balioestea eta antolatzea, jakintza bihurtzeko– bai ekoizpen digital multimediak sortzean (banaka edo taldeka). Horrek guztiak ezin du ahaztu emaitzak komunikatzea eta partekatzea, sare sozialetan eta digitaletan parte aktiboa hartuz, hala baitagokio biztanleria digital konektatu bati, erkidegoan ikasi eta hazten denari. Oinarrizko Hezkuntza amaitzean, ikasle guztiek eduki behar dute PLE delakoa (Norberaren Ikaskuntza Ingurunea), hau da, norberak erabiltzen dugun tresna, zerbitzu eta konexioen multzoa, konpetentzia berriak eskuratzearekin lotutako helburuak lortzeko eta bizian zehar ikasteko.


Irakatsi eta ikasteko prozesuetan IKTak integratzea

Multimedia‐konpetentzia hori eskuratu ahal izateko (euskarri analogikoetan eta digitaletan) beharrezkoa da baliabide digitalak (metodologikoak, instrumentalak,...) normalizaturik egotea irakatsi eta ikasteko prozesuetan eta egoeretan, diziplina‐arlo guzti‐guztietan. Helburua da IKTak ikasgelen egunerokoan infiltratzea eta beren aukera berritzaileak txertatzea, hala nola gertatzen den egungo gizartean, non egunetik egunera zabalduago dauden.


IKTak integratu eta curriculumean sartzeko, eta konpetentzia digitala curriculumean garatzeko, hiru ikuspuntu osagarri erabili eta mailaka ezarriko dira: konpetentzia digitala, jakintza‐arlo gisa (IKTez ikastea); konpetentzia digitala, curriculum‐arloetako eduki didaktiko multimediekin jarduteko (IKTetatik ikastea); konpetentzia digitala, ikaskuntzarako eta jakintza eraikitzeko tresna gisa (IKTekin ikastea).


Konpetentzien araberako hezkuntzan, konpetente izateko, adierazpenezko, prozedurazko eta jarrerazko edukiak jakin behar dira:

• IKTak oso lagungarriak izan daitezke bitarteko tresna gisa, ikasleek adierazpenezko edukiak ikas ditzaten eta irakasleek hobeto irakats dezaten. IKTak erabiltzeak indartu egiten du irakatsi eta ikasteko prozesuko inputaren kalitatea, modu integratuan erabili baitaitezke baliabide multimediak.

• IKTak oso lagungarriak izan daitezke ikaskuntza‐prozesuak hobetzeko, zeharkako eta diziplina baitako prozeduren tresna bitartekari moduan. IKTek ekarpen handia egin dezakete zehar‐prozedura asko ikasteko, adibidez ikasten ikastea, komunikatzen ikastea, elkarrekin bizitzen ikastea eta ekiten ikastea. Frogatuta dago IKTen ekarpena diziplina baitako prozedura guztiak ikasteko ere, batik bat algoritmikoak. IKTak, gainera, baliabide apartak dira aniztasuna aintzat hartuta ikasleei hezkuntza pertsonalizatua eskaintzeko.

• IKTak oso lagungarriak izan daitezke modu ordenatuan eta berreskuragarrian biltegiratu eta aurkezteko irakatsi eta ikasteko prozesuaren edukia, prozesuak eta produktuak.

• IKTak lagungarriak izan daitezke ohitura eta jarrera batzuk garatzeko ere: prozesu kognitiboak (arreta, jakin‐mina, interesa, motibazioa...) eta, batik bat, prozesu metakognitiboak (kontzientzia hartzea eta autorregulazioa); komunikazio‐prozesuak (entzute aktiboa, errespetua...); lankidetzarako ohiturak eta jarrerak, sareko elkarlana, etab. Alde horretatik, gizakia errespetatzea eta erabiltzaileen eskubide nahiz betebeharrak aintzat hartzea oinarri duten printzipio etikoekin bat datozen ohituretan eta jarreretan heztea ezinbestekoa da, besteekin batera bizitzeko eta digitalki komunikatzeko.


Laburtuz, gure eredu honek hiru berritasun pedagogiko ditu: a) Aro digitaleko ikaskuntzak eta irakaskuntzak problema eta proiektu errealak aurkezten dituzte, eta ikasleak laneko planak antolatu eta beharrezko lanak egin behar ditu, ados jarri eta haiei behar bezala erantzuteko; b) banakako ikaskuntzaz haratago, egungo paradigmak elkarlanean ikasarazten du, bai ikasgelan bai Internetez; c) azkenik, ikasgela ireki eta zabaldu horretan, irakaslearen lana gehiago da jarduerak antolatzea eta ikuskatzea, informazioaren igorle huts izan gabe.


1. ERANSKINA: OINARRIZKO KONPETENTZIAK


2. Hizkuntza‐komunikaziorako konpetentzia, eta teknologia digital eta mediatikoa erabiltzeko konpetentzia: Komunikatzen jakitea


  • Ahoz nahiz idatziz komunikatzen jakitea, eta, horretan, txukun, modu autonomoan, sormenez eta eraginkortasunez aritzea.
  • Gorputz‐, arte‐ eta matematika‐hizkuntzaren oinarrizko kodeak erabiltzea, modu oso eta orekatuan
  • Kritikoki interpretatzea eta ebaluatzea gizarte‐hedabideetako mezuak.
  • Zereginak diseinatu eta planifikatzean, informazioa kudeatzean, produkzio digitalak sortzea, elkarlanean aritzean eta besteei emaitzen berri ematean, IKTak modu egoki, eraginkor eta arduratsuan erabiltzea.
  • Euskadiko nahiz mundu osoko errealitate sozio‐ekonomikoa kritikoki interpretatzea, eta norberaren testuinguruko komunikazio‐prozesuetan arduraz eta etikaren zentzuz parte hartzea.